XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Zer bada?

-Beste jende hori joango al zaizu harrera egitera? esan zuen ahots ahulak aprentsioz.

-Ez, ez da hori.

-Ez zaitez jende horrekin nahastu, mesedez.

-Lehenago ere...

-Aita, mesedez! moztu zion andreak tinko.

Ez zuen bere aitarekin haserretu nahi gartzelatik atera eta hain azkar.

Telefonoaren zinta magnetikoan zenbakiak ñirñirka hasi ziren, dirua bukatzen ari zelako seinale.

-Inor ez zait harrera egitera joango.

-Ez al dizute esan orain traidore bat naizela?

-Zure anai-arrebak oso gutxitan azaltzen dira etxe honetatik.

-Eta azaltzen direnean ez didate ezer kontatzen.

-Horixe pasatzen da pertsona zahartzen denean.

-Inork...

Komunikazioa eten egin zen kolpetik.

Andreak hasperen egin zuen.

Berdin gertatzen zen beti.

Berdin-berdin.

Borondate onak ez zuen ezertarako balio, ezta dei xoil bat ondo bukatzeko ere.

Geltokitik atera eta espaloian bertan gelditu zen, jendez inguratutako autobusera zuzenean joan gabe.

Zeruak gris jarraitzen zuen, baina halako biguintasun bat zeukan orain, marmolarena baino gehiago oihalaren itxura ematen ziona.

Eta ez edozein oihalena, baizik eta maindireena.

Bai, zeruak maindire zikin bat ematen zuen.

Eta itxura horrek, seguru, bera lotsatzeko helburua zuen: ez zitzala ahantz hotel merke hartako maindire zikinak, (...)